jueves, 23 de junio de 2011

Ipuina

Gaztetxoa nintzen animalia honen antzezlana lehenengo aldiz ikusi nuenean. Egun hartan arrantzan ari ginelarik, uhinen modura urazalean mugituz, suge koskor bat ikusi genuen errekan, eta adin hartako bihurrikeria lagun, kanaberaren puntaz zirikatzea bururatu zitzaigun. Baina ustekabean, sugea tripaz gora gelditu zen, ahoa zabal-zabal irekita eta mingaina zintzilik. Une hartan guk ere antzeko aurpegia izan genezakeen, ez baikenuen inondik ere ulertzen ukitze hutsez suge hura nola akaba zitekeen.
Ur-korronteak bitartean, hildako sugea errekan behera eraman zuen,baina guregandik metro batzuk aldendu zenean, bere onera etorri eta ziztu batean ezkutatu zen sasi artean. Gezurti halakoa! Iruzur latza egun hartan egin ziguna! Halere, ez da hau suge gorbataduna antzeslanetan ikusi ahal izan dudan aldi bakarra. Urte batzuk geroago, ikuskizun berria eskaini zidan. Bigarren hura, mendiko bide-zidor batean topatu nuenean, tente jarri zen eta lepoa puzten zuen bitartean ziztuka hasi zitzaidan. Hurbiltzeko keinua egiten nionean, ausardia beldurgarriz aurre eginez erantzuten zidan. Antzezlan bikain hura, gainera, efektu berezi eta guzti amaitu zen: sugeak uzkiko guruina hustu eta kirats nazkagarria zuen zorrotadaz agurtu ninduen.
Ikusi dugun bezala, suge gorbatadunak (Natrix natrix) sistema bitxiak erabil ditzake etsaiek bakean utz dezaten: batetik, hildakoaren zein pizti beldurgarriaren plantak egiteko gaitasuna du, eta bestetik, usain nazkagarria bota dezake. Hozkarik, ordea, ez du egiten eta egingo balu ere, ez luke inongo arriskurik izango pozoirik ez duelako. Normalena, halere, ezer egin baino lehen ihes egiten saiatzea da. Edozein modutan ere, sugearen tamaina bera nahikoa izan daiteke etsai batzuengan errespetua sortzeko.
Honela, normalki txikiagoak badira ere, emeak tarteka metrotik gorakoak (120 cm artekoak) dira inguruotan. Arrek aldiz, nekez izaten dute 75 cm-tik gorako luzera. Bi sexuek gorputz sendoa, ongi definitutako burua, eta begi-nini biribilak izaten dituzte.
Narrasti honen kolorea zehaztea, bestalde, ez da erraza, bai eskualdearen arabera eta bai ale batetik bestera aldakortasun handia ager baitezake. Oro har, kolore berdintsua izaten du gorputzaren gainaldean: arre berdaska edo oliba-kolorea, orban ilun txikiz marraztua. Azpialdea ostera, zuriska izaten da, eta xake-taulen moduko lauki beltzez apaindurikoa. Baina aipatu dugun kolorazio tipiko horrez gain, ale beltzak, gorriztak, grisak eta bestelakoak ere aurki daitezke. Euskarazko izena ematen dion gorbata delakoa, berriz, gazteek lepoan ageri duten orban zuriska edo horia izaten da. Baina zahartu ahala, kolorea galtzen joaten da, ia guztiz desagertu arte.
Suge gorbataduna oso arrunta da gure herrian. Lepoko orbain zuria dela eta, erraz ezagutzen da.
Alabaina, espezie hau antzekoetatik bereizteko beste ezaugarri hauek ere kontutan hartu behar dira: Suge biperakarak (Natrix maura) ez bezala, gorbatadunak sudurzuloak, alboetara begira ditu eta ezpainaren gainean 7 ezkata ditu, 3. eta 4.ak begia ukitzen dutelarik. Normalki begi aurreko ezkata bakarra eta begi atzeko hiru ditu. Ezkata dortsalek 19 lerro eratzen dituzte eta zertxobait karenatuak izan ohi dira. Ezkata bentralen kopurua, azkenik, 157-183-koa izaten da. 
Bestalde, Europan gehien hedaturiko narrastia dugu. Hegoaldeko muga Afrikaren iparraldean du, eta Europaren iparraldean, 67 graduko latituderaino hedatzen da. Ekialderantz berriz, Asiako Baikal lakuraino heltzen da. Dena dela, eskualde zabal honetako leku aproposetan besterik ez da bizi, noski, eta irla batzuetan, Irlandan, Baleareetan, Maltan, eta Kretan adibidez, ez da batere ageri.
Hain banaketa zabala edukita, jakina, habitat ezberdinak bete ditzake. Guztien gainetik, leku heze eta belar-soro zingiratsuak maite ditu, baina aldi berean lehorrean ederki moldatzen da. Honela bada, hariztiak, landak, sastrakadiak eta baso mistoetan maiz ikusten da. Ondorioz, ia Euskal Herriko lurralde osoan aurki genezake. Leku euritsuetan nonahi ibil daiteke eta lehorretan, zokorik hezeenetan. Marraztu dugun banaketa-mapan ikus daitekeenez, Bardeak, eta Lizarra eta Tafalla arteko eskualde lehorrak kanpoan utzi ditugu bertan ikaragarri urria delako. Bestalde, ez du mendirako joera handirik ageri. Alderantziz, altuera ertain eta baxuetan ugari ageri da eta 1.100 metrotik gora ez da aurkitu.
Beste narrasti guztiak bezala, suge gorbatadunak ere ez dira euren tenperatura erregulatzeko gai. Goizeko lehen orduetan eguzkitan berotu eta martxan jartzen dira, baina bero zakarra egiten duenean, itzalean egon edota uretan sartu ohi dira. Negua, berriz, azarotik martxora arte, zuloren baten babesean pasatu behar dute lozorroan.
Bizilekuari dagokionez, lehorrean zein ur inguruetan aurki daiteke. Anfibio-ehiztaria denez, maiz ikusiko dugu hezeguneetan.
Elikadurari dagokionez, suge gorbataduna anfibio-ehiztari bizkorra dugu. Gazteak, zapaburu-jale amorratuak dira eta helduek, igel, zapo eta uhandre ugari ehizatzen dituzte. Hauez gain, arrain, sugandila edo xagutxoren batekin osatzen dute beren dieta. Ehizakiak oso-osorik irentsi ahal izateko, baraila-sistema askea dute; hau da, ehizaki handia irentsi behar dutenean barailak askatu egiten dituzte eta, lepoa zabalduz, euren lodierako ehizakia barneratzea lortzen dute. Gero, ahoa irekiz barailak bere lekura itzularaz ditzakete. 
Udaberrian ugaltzen dira, nahiz eta batzuetan udaberrian eta udazkenean, urtean bitan, ugal daitezkeen. Emeekin parekatu ahal izateko, arren arteko lehia ematen da. Arrautzak (6-50 inguru) ekaina eta abuztua bitartean erruten dituzte, gorotz-pila, orbel, edo harripean gorderik. 7-10 aste beranduago 16-19 cm-ko sugetxoak jaiotzen dira.
Baina erne ibili beharko dute txiki hauek, etsaien urdailean bukatu nahi ez badute. Suge gazteak, arrain, igel, arratoi eta hortik gorako harrapari gehienen jaki dira. Helduak halaber, mustelidoek, lertxun eta amiamokoek, arrano sugezaleek... eta beste askok harrapatzen dituzte. Gizakiak berak ere, suge gorbatadun asko hiltzen du. Batzuetan kotxeen gurpilek zapalduta eta beste askotan, harri edo makilakadaz jota, arriskutsua edo kaltegarria den aitzakiaz. Zalantzarik gabe, haseran ikusitako antzezlan guztiak ere ongi etorriko zaizkio bizirik iraun ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario